Artículo de opinión de Juan Martin Elexpuru
http://www.berria.eus/paperekoa/1832/017/003/2016-12-28/ostrakak_eta_ostrukak.htm
Kontatuko zeniguke zelan dauden gauzak?,
eskatzen digute sarri. Zer esan, betikoak errepikatu gabe. Kontatzeko
gogoa eta asperdura, euforia eta etsipena... laino klase guztiak
pasatzen dira etengabe gure buru gainetik. Eta hain da zaila berba
gutxirekin katramila hau esplikatzea...
Inozoak gu, urte bat edo
biko gauza izango zela pentsatzen genuen gerra honetan sartu ginenean.
Hamar urte igaro dira grafitoak aurkeztu zirenetik, zazpi urte eta erdi
Eliseo Gil eta Lurmeneko beste kide batzuk auzipetu zituztenetik;
oraindik epaileak ez du erabaki auzia artxibatu ala epaiketara eraman,
beste urtebete luzatu du instrukzio fasea, Euskal Herrian irekita dagoen
zaharrena. Ertzaintzak egina du bere polizia-txostena eta ez du ezer
aurkitu Eliseoren aurka.
Eliseo Gil bota zuen tribunaleko kide
izan zen Julio Nuñez. Gero aztarnategiko zuzendari izendatu zuten.
Epaile eta onuradun aldi berean. Hondeamakina handi batez ia 10.000 m2
harrotu zituen. Haren aurkako kereilak artxibatu egin ditu epaitegiak.
Zazpi urte darama aztarnategian eta oraindik ez du ia ezer publikatu. Bi
milioi euro gastatu ditu; diru publikoa. Aurten EHUk kendu egin du
Iruña-Veleiako zuzendaritzatik eta unibertsitateko irakaskuntzatik,
publiko egin ez diren arrazoiengatik. Aurtengo udan aldundiak Qark
enpresari adjudikatu dio indusketa, inolako lehiaketarik gabe. Ez dakigu
nor izan den zuzendaria, eta ezta hamar urterako sinatutako Plan
Zuzendariak indarrean jarraitzen duen, edota Nuñezek datorren urtean
jarraituko duen. Ilunpea eta kaosa erabatekoa da.
«Bisita gidatu
alternatiboak» egiten ditu SOS Iruña-Veleiak azken bi urte hauetan. 600
pertsona pasatu dira hogeita bost bisitetan; geu gara ia bisitari
bakarrak Arabako lekurik bisitatuena izan zitekeen toki zoragarrian. Eta
amaieran beti egiten zaigun galdera: baina zergatik gertatu da hau?
Saiatzen gara geure usteak azaltzen, ezagutzen ez ditugun gauzak
badirela onartuta: 1) Unibertsitateko hiru katedratikok bermatu zuten
euskarazko ostraken ontasuna aurkezpen egunean, 2006an. 2) Handik lau
egunera horietako batek, Gorrochategui jaunak, bere ustez faltsuak
zirela deklaratu zuen idatzi baten bidez. 3) Lakarra eta Gorrochategui
filologoak izan ziren faltsutasunaren lehen apostoluak eta sutsuenak.
Arrazoia, ostraketan agertzen den zenbait elementu (-a «artikulua»,
adibidez) ez datorrela bat eurek irudikatzen duten antzinako
euskararekin. 4) Unibertsitatearen gogoa aztarnategia bereganatzeko, eta
Nuñezena zuzendari izateko. 5) Euskalduntze berantiarraren aldekoen presioa, batez ere Espainiako historiografia ultrarena
(Martin Almagro eta Historiaren Errege Akademia), teoria hori betiko
lurperatuta gera zitekeelako. 6) Vatikanoaren eta Opus Dei-ren ustezko
esku-hartzea.
Denborak esango du isilpeko konspiraziorik egon den
ala ez, edo «interesen konfluentzia» soilik. Nolanahi ere, koktel
lehergarria prest zegoen, metxari su emango zion eskua falta bakarrik.
Eta zein hobea horretarako gobernu abertzale bat baino. Lopez de Lacalle
kultura diputatuak bere gain hartu zuen eginkizun hori, koalizioko
alderdi guztien babesarekin. Batzordea sortu zuen ad hoc, kalera bota zuen Lurmen eta auzitara eraman, grafologoak kontratatu zituen Eliseo Gil inkriminatzeko.
Eta
falta ezin den galdera: ulertzen dugu betikoak kontra agertzea, baina
abertzaleak?, euskaltzaleak? Gure herria munduan metro karratuko
protestante gehien duen lurraldea izaki, zergatik dago nagusiki bertsio
ofizialaren alde edo mutu auzi honetan? Geuk ere galdera bera egiten
diogu geure buruari eta kosta egiten zaigu taxuzko erantzuna bilatzea.
Gutxienez auzia argitzearen alde ahotsa jasoko balitz, alde batera edo
bestera lerratu gabe ere, baina hori ere ez. Kolore guztietako euskal
zein espainiar abertzaleak ados jarri direla ematen du. Ez da sinestekoa
ia hedabide guztiek gai honi ezarri dioten zentsura. Gero Ipar Korea
kritikatuko da. Nazioarteko Biltzarra egin genuen maiatzean, baina
hedabideek ezikusi egin zioten. Hamar urte bete dira aurkikuntzak
aurkeztu zirela, baina BERRIA izan da horretaz mintzatu den bakarra.
Astero enkartelada egiten da Arabako Aldundiaren aurrean, baina oraindik
ez da notizia eta argazkia ia inon argitaratu. Gure bisita gidatuen
iragarkia bidaltzen da leku guztietara, baina ez da inon agertzen. Egun
lotsagarriaren 8. urteurrena igaro da, baina ez da kronika, elkarrizketa
edo editorial bakarra ikusi. Zuzendariren batek esan digu «gaia ez dela
interesatzen». Ez dakigu zertan oinarritzen den; urte hauetan 75
hitzaldi antolatu dira Euskal Herrian zehar, eta hiru mila pertsonatik
gora erakarri dituzte. Ez du interesik gaiak?
Doilorra izaten ari
da gure elite politiko eta kulturalaren jokabidea. Eta eliteez ari
garela, jende ugari etortzen zaigu bisita gidatuetara, baina horien
artean nekez ikusten dugu goi samarretik hegan egiten duen politikorik,
kazetaririk, arkeologorik, historialaririk, hizkuntzalaririk,
euskaltzainik, idazlerik, bertsolaririk... interes handiena izan beharko
zuketenak, gure ustez, «beste bertsioa» ezagutzeko. Nahiago ostrukarena
egin ostrakez jakin baino.
Aurkikuntzen garrantziaz asko
mintzatzen zen, artean ontzat ematen zirenean. Benetako altxorra gure
herriarentzat eta humanitatearentzat. Euskarazko lehen izen arruntak eta
esaldiak, latinaren eta erromantzearen eboluzioa ezagutzeko datuak,
erlijio paganoen eta kristautasunaren hedapenaz hainbat argibide. Eta
abar. Eta hori oraindik aztarnategiaren % 10 ere aztertu ez denean.
Euskaldunok lurpean dugun autoestimua apur bat jasotzeko ez zen gaizki
etorriko. Agian horixe izan da desastrearen eragile nagusia, euskaldunok
hezurretaraino sartuta dugun gutxitasun konplexua. Etxekalte gu.
Eta
pentsa atzerriko laborategi espezializatu batek astebetean erabaki
lezakeela auzia, eta agian etxeko batek ere bai, grafito asko hezurrean
eginak baitaude, eta gauza ezaguna da gurean daudela hezur-irakurlerik
onenak.
Nekatuak gaude, etsipenaren mugan; ez utzi gaia lehen
lerroan gabiltzan lau kamikazeon bizkar. «Zer egin dezaket nik
Iruña-Veleiako auzia argitzearen alde?». Geure esku dago.