Artículo de opinión de Joan Mari Irigoien, escritor de gran prestigio, ha publicado hoy en Berria un artículo estupendo titulado Aginteak du giltza
('El poder tiene la llave'). Entre otras cosas emplaza a Pako
Etxeberria (sin nombrarlo) a que se moje con la investigación de los huesos, y a movilizarse
si no hay una solución satisfactoria en breve.
http://www.berria.eus/paperekoa/1832/018/003/2017-01-10/aginteak_du_giltza.htm
2016ko Inoxenteen Egunean, Juan Martin Elexpuruk Veleiari buruz idatzitako artikulu bat irakurri nuen BERRIA-n (Ostrakak eta ostrukak), eta aitortu behar dut, hunkituta ez ezik, jota ere geratu nintzela, ezin ulerturik hainbat eta hainbat kontu...
Ezer
baino lehen esan beharra dut ni ez naizela arkeologian aditua, eta ez
espero nigandik, beraz, gaiaren inguruko iritzi kualifikatu bat: ez eska
gari zumarrari...
Harira.
Auzi honetan, Iruña-Veleiako
aztarnategia dugu eztabaidagai. Lehia gehienetan bezala, hemen ere bi
giza talde ditugu —mailako jendea dago biotan— aurrez aurre:
Iruña-Veleiako aztarnategiaren benekotasunean sinesten dutenak (Eliseo
Gil, Juan Martin Elexpuru, e.a.), eta sinesten ez dutenak (EHUko
irakasle batzuk nagusiki, unibertsitateak berak eta Lopez de Lacalle
kultura diputatuak bultzatuak: Julio Nuñez, Gorrochategui, e.a.).
Hauek
—sinesten ez dutenek— autoritate akademikoen eta instituzioen
aldekotasuna dute, eta beraiek dira, ondorioz, auzi honetan indartsu eta
boteretsuenak; besteek, berriz —sinesten dutenek—, ez dute inongo
entitate ez publiko ez pribaturen laguntzarik, eta ahal dutena egiten
dute, autoorganizazio moduko batean, hitzaldiak emanez, bisita gidatu
alternatiboak eginez...
Indarra eta boterea edukitzeak, hala ere,
ez du zerikusirik auzi batean arrazoi izatearekin ala ez. Neronek,
adibidez —ez naiz esaten ari Veleiako aztarnategian sinesten ez dutenak
nerondarrak direnik, ez naiz hain dorpea—, boterea eta indarra zuen,
baina ez zait iruditzen Erroma erre eta kiskaltzea arrazoizko ekintza
bat izan zenik. Aldiz: erokeria bat izan zen. Esan nahi dudana da gure
auzian indartsu eta boteretsu direnek ezin ondoriozta dezaketela
—boterea eta indarra dutelako, hain zuzen— Iruña-Veleiako aztarnak
faltsuak direla.
Bitartean, baina, urteotako sufrimendua
ikaragarria izan da. Ez dut ezagutzen nolakoa den aztarnategiaren
benetakotasunean sinesten ez dutenen gogo aldartea. Alde horretan ere
izango ziren eta izango dira minak, eta minek eragindako mendeku nahiak
eta sentimendu ilunak, borrokaren momentu honetan aurkarien gainetik
sentitzetik letozkiekeenak... auzia luzatzea eta luzatzea ez baita
boteretsuentzat gainkarga; denbora horrek berak, ordea, nekatzen,
higatzen eta zapaltzen ditu kontrako bidean ari direnak. Bertatik
ezagutzen baitut nik aztarnategiaren benetakotasunean sinesten duen
jendearen mina. Haiek pasatu duten eta pasatzen ari diren kalbarioak ez
baitu izenik. Eta ez baitago eskubiderik. Baina utz diezaiogun Juan
Martini bere artikulutik hitz egiten: «Inozoak gu, urte bat edo biko
gauza izango zela pentsatzen genuen gerra honetan sartu ginenean. Hamar
urte igaro dira [...]». Eta aurrerago: «Eliseo Gil bota zuen tribunaleko
kide izan zen Julio Nuñez. Gero aztarnategiko zuzendari izendatu zuten.
Epaile eta onuradun aldi berean. Hondeamakina handi batez ia 10.000 m2
harrotu zituen. Haren aurkako kereilak artxibatu egin ditu epaitegiak.
Zazpi urte darama aztarnategian eta ez du oraindik ia ezer publikatu. Bi
milioi euro gastatu ditu; diru publikoa. Aurten EHUk kendu egin du
Iruña-Veleiako zuzendaritzatik eta unibertsitateko irakaskuntzatik,
publiko egin ez diren arrazoiengatik. Aurtengo udan aldundiak Qark
enpresari adjudikatu dio indusketa, inolako lehiaketarik gabe. (...)
Ilunpea eta kaosa erabatekoa da». Eta nik sinesten diot Elexpuru
jaunari, ikusi ere ikusteko posibilitatea izan baikenituen euskaldunok
irudi batzuk Euskal Telebistan, barregarritzat joko nituzkeenak,
negargarriak izan ezean... entzule-ikusleok izan ez ginen, bada,
hondeamakinak aztarnategian gauzatutako hondamendiaren lekuko izan!
Lurra harrotu: 10.000 m2, gainera! Hantxe hondeamakina aztarnategian,
elefante bat txatartegi batean lez! Gogoratzen naiz niri, albistea
entzun eta irudiak ikusi orduko, jira-biraka hasi zitzaizkidala begiak,
marrazki bizietan lez, ene begiek bekoz beko zuten hura ezin sinetsirik.
Erokeria bai hura, eta ez nolanahikoa...!
Nola ez zitzaidan,
geroztik, autoritate akademikoen jokabidea susmagarri egingo? Bai, egia
da badudala berezko edo neurezko joera bat, boterearekiko mesfidati
izatera naramana. Eta, hala ere, ez dut esango, ez, hondeamakinaren
irudiak ikusi orduko itsu sinesten hasi nintzela aztarnategiaren
benekotasunean, konbertitu bat bezala... auzian galtzaile ziruditenen
alde lerratzen nintzela. Ez. Lehenago esan dut, izan ere, ez naizela
arkeologian aditua. Funtsezko auziari buruz, beraz, ez dakit zer giza
taldek duen arrazoi, alde batekoak edo bestekoak. Auziak badu, ordea,
irtenbidea. Baina utz diezaiogun Juan Martin Elexpururi hitz egiten:
«Eta pentsa atzerriko laborategi espezializatu batek astebetean erabaki
lezakeela auzia, eta agian etxeko batek ere bai, grafito asko hezurrean
eginak baitaude, eta gauza ezaguna da gurean daudela hezur-irakurlerik
onenak». Pentsatzen dut esaldi horretan dagoela soluzioa.
Azter
ditzatela zeramikazko piezak arkeometrian espezializatutako atzerriko
laboratorio batean! Esan didatenez, badira garantia osokoak, diru apur
baten truke gustura egingo luketenak lan hori. Hezurrezkoak, berriz,
azter ditzatela hemen, gure adituek aski bailituzkete C14 proben
emaitzak eta begiz eta mikroskopioz egindako azterketak, duda-izpirik
gabeko epaia emateko.
Are gehiago: proba horiek egitea hain
erraza bada, zer ibili gara urteotan jendearen mina luzatzen...?
Zergatik dira beldur autoritate akademikoak, hain ziur badaude, beste
alde batetik, Iruña-Veleiako ostraken faltsutasunaz? Zergatik borroka
honen luzatze mingarri hau eta zergatik oskurantismo hau, auzia di-da
batean erabaki daitekeenean?
Esaldi horretan, halaber, Elexpuru
jaunak aipatzen du proba horiek Euskal Herrian ere egin litezkeela
osoki, «grafito asko hezurrean eginak baitaude, eta gauza ezaguna da
gurean daudela hezur-irakurlerik onenak». Eta hori irakurrita, munduan
fama duen izen bat etorri zait burura... zuri ere izen hori bera
etorriko zitzaizun, irakurle. Bada, hain zaila al da autoritate
akademikoek arkeologo zintzo bezain prestigiotsu horri proba guztiak
egiteko baimena ematea —C14renak eta gainerakoak—, auzian duda-mudarik
izan ez dadin?
Nik beti pentsatu izan dut harrokeria aholkulari
eskasa dela: pasadizo batekin ilustratuko dut esan berri dudana. Guztiok
dakigu nor zen Carlos Barral, editore handia ez ezik, idazle aparta ere
izan zena. Bada, egun batean, Garcia Marquezek Cien años de soledad
bidali zion, ea nobela hura argitaratzeko modukoa ote zen. Eta Carlos
Barralek honela erantzun zion: «Nobelak ez du balio, eta ez da
arrakastatsua izango». Hondo-hondoraino sartu zuen hanka editore
jakintsuak!, bistan da. Ildo beretik, baina... benetakoak edo faltsuak
ote dira Iruña-Veleiako ostrakak? Altxor bat ote dugu aztarnategi
horretan edo txakurraren putza? EHUko autoritate akademikoek, Arabako
Diputazioak eta Gasteizko Epaitegiak dute agintea, dute hitza, dute
euskaldunok egia jakiteko posibilitatearen giltza!
Behar diren probak egitearen alde gaudenok mobilizatzen hasi beharko dugu, ezta...?