Antton Erkizia (Lesakatik)
Iruña-Veleia aberastasuna dela jakina da. Gurea. Burdin Arotik datorkiguna,
urbanizazio modernoek irentsi gabekoa (gaurdaino, bihar arte ez dakit),
Iberiatik Europarako bide nagusi bazterrean baztertua, Iruña-Veleia, Arkiz
mendi magalean, ume, nerabe, kokatua eta kikildua.
Banago gu ere halaxe ez ote gauden, kikilduak, gaurko gure
gizartea, historiagile ofizialen sareetan kokilduak, ttiki, akonplejatuak, ukatuak,
urkatuak, banago halaxe ez ote gauden.
Eta gainera, benetakoak balira (balira) Iruña-Veleian berriki
aurkitutakoak eta ukatutakoak? Orduan, aberastasuna ezik, altxorra genuke,
izugarrizko altxor linguistikoa, historikoa, arkeologikoa, egundainokoa, gurea,
gure eskura, gure zain. Zeren, gure zain jarraitzen dute, denok konbentzitzeko
gisan ikertuak izatearen zain. Eta
benetakoak balira?
Eta egunetik egunera “logika” gehiago du benetakoak izateak. Urteak
daramazkit baten argumentuak eta bestearenak entzuten, honi eta horri eta hari
aditzen, ahalbait alde guztietakoen arrazoinei so....urteak. Eta gaur
gaurdaino, ondorio hau atera dut: ezinezkoa da faltsutze lan bat izatea. Ez du
logikarik horrek. Nork daki aldiberean latin klasikoa eta arrunta eta euskara
arkaikoa eta kristautasunaren hastapenak eta zelta, grekera eta iberieraz...Eta
taldelana izatekotan ere, noren agindutara, nork ordaintzeko, zer
jasotzeko...adarra jotzeko soilik? Zuk ikusten diozu horri inungo logikarik?
Nekea sumatzen da, luze daramagu. Bada hamaika urte, hamaika,
lehenengo grafito “ikusgarria” argitaratu zenetik. Bada zortzi urte adituen
komisio batek faltsutzat eman zituela. Bada zazpi urte Arabako Diputazioak
epaitegietara jo zuena.
Zazpi urtez, zazpi, aizu, eta
zazpi urtetan miatu dituzte bazterrak, ikertu aztarnak, bilatu frogarik, kaligrafoak,
fisikoak eta kimikoak, ertzainek eta besteek...zazpi urtez, eta oraindik “ez dakite”, “ez dute frogarik aurkitzen” faltsuak direnik, zazpi urtez “instrukzio fasean”. Alafede ! Zer ez
dute aurkitzen? Eta ez badute aurkitzen, orduan zer?
Baina altxorrak jarraitzen du “sub judize”, urteak joan, urteak
etorri, pertsonak salaketa-pean eta piezak giltza-pean, itzal-pean, salbuespen
egoeran, gure herri zahar honen ispilu, eternoki salbuespen egoeran...men egin
arte?, amen egin arte.
Bigarren Biltzarra: Ez, ez dugu ezer demostratu nahi.
Bai, guk egiaren bila lanean darraigu, apal, ikertzen jarraitu
nahi dugu, instituzio ofizialek itzali duten argia guk piztuta nahi dugu, argia
behar dugu ikuskatzeko, argia begiratu ahal izateko, argia eztabaidatzeko
lasai, aurreiritzirik gabe, edo bakoitza bere uste eta iritziarekin baina elkar
adituz, aintzartuz (elkar aintzat hartuz).
Argiaren bila. Sarrionaindiaren ipuina datorkik gogora, Sarri, “Gu
ilunekoak”:
"Hainbesteko argitasuna
itsugarria zen...Lehenengoz ikusten genuen batak bestea...Ikasi egin behar
zen, ikusten, baina ikaskizuna zaila zen.. ikaragarria zen ikusten zen guztia, dirdira...baina hondamendi... “Izarrargi faltsu horrek gure
ohitura guziak hondatu ditu...Gora iluntasuna”...
Hemen ere, "Gora iluntasuna"
gogoko al du baten batek? Ez duzu nahiago
“Gora argi zatiok” (izpiok) ?
Eta argi zati horien bila, aitortzen ditugu gure mugak. Muga
humanoak: lau katu gara borroka honetan, lau katu eta zu; gainerakoak isil-isilik
daude, gaurko gizartearen ispilu hau ere. Eta muga fisikoak batipat. Zeren, fisikoki
ikusi ezin ditugun grafitoez lan egitera gara behartuak. Bere garaian eginiko
argazkietatik ari gara. Eta horrek asko mugatzen gaitu. Egoera kafkianoa
askitaraino.
Hirugarren Biltzarrarako egoera aldatuko al da.
Ari da aldatzen, Ari gara iraultzen, irauli-arazten.
Gonbidatuta zaude, zaudete. Maiatzaren 7ean, Europa Jauregian,
Gasteizen.