2012-01-24
Koldo Urrutia
Arabako Iruña Argitzeko Batzordea (Euskararen Jatorria)
Iruña-Veleiako grafitoak egiazkoak ala faltsuak diren argitzea ez da jada gure herriko historia eta euskara historikoa ezagutzeko aukera bat edukitzea ala ez. Askoz gehiago da, eta unibertsitate, ikerketa, arkeologia eta hizkuntzalaritzaren maila etiko-zientifikoa ezagutzeko «kotoi proba» bilakatu da.

Gasteizen arrakasta handiz egindako Iruña-Veleiari buruzko I. Nazioarteko Biltzarrak gai hau argitzen laguntza handia eman du, gai hau zientifikoki bideratzeko ezinbestekoak diren hiru arlotan sakondu ondoren: datazioak, kata kontrolatuak eta auditoria arkeologikoak.

Bermudas Museoko zuzendaria eta arkeologia garaikidearen «aita» den Edward Harrisi entzuteko aukera izan genuen. Harris, arkeologia lana baloratzeko asmoz, Eliseo Gil eta Idoia Filloyrekin egon zen, indusketa bisitatu zuen eta estratigrafien datuen jatorrizko koadernoak aztertu zituen (Adituen Batzordeak hauetako bat ere ez zuen egin). Eta ez zuen zalantzarik erakutsi: «estratu guztiak ondo dokumentatuta daude eta, beraz, grafitoak esandako garaikoak dirudite. Hala ere auditoria independente luze eta zabal batek berretsi beharko luke hau, eta ez Lurmenena soilik, EHUko Arkeologia Sailak egindako lanaren auditoria ere egin beharko litzateke» (hondeamakinak «ukitutakoa»).

Haren iritziz, «Eliseo Gil eta Idoia Filloy arkeologoak arrazoi gabe izan dira akusatuak, beraien lanak ez baitira behar bezala auditatu. Egoera honetan dagoena ni banintz, epaitegietara eramango nituzke difamazio horien egileak».

Harrisen hitzak argiak izan baziren, estatuan onomastika erromatarra primeran ezagutzen duen Santiago Compostelako Unibertsitateko Antonio Rodriguez Colmeneroren hitzaldia ez zen atzean geratu, eta aho zabalik utzi zituen etorritakoak. Colmenerorentzat ikonografia eta idazkun gehienak erabat koherenteak dira. Arlo helenistiko, grekoerromatar, paleokristau eta eguneroko bizitzari buruzko idazkun eta marrazkietan ez da faltsukeria adieraz lezakeen gauza nabarmenik aurkitu, nahiz eta kasu batzuetan lekukotasunak menderen bat edo gehiago aurreratu. Bere ustean akats ortografikoak ezin dira inondik inora faltsifikazioaren arrazoitzat hartu, garai horretako grafitoen %90ean akatsak egiten zirelako. Colmenerorentzat ez ziren faltsutzat hartu behar izan kata kontrolatuak egin gabe.

Kataluniako Museo Historikoko Paleopatologia arduraduna den Joaquim Baxarias hezurretan egindako grafitoez aritu zen. Batetik, hezurrak 300 euroren truke datatu daitezkeela esan zuen, eta hori ez dela egin. Ondoren, dagoeneko eginda egon behar zen proba bat egin beharko litzatekeela dio: idazkunak dituzten hezurren adina ikusita, adin bereko hezurretan eta hezur freskoetan idazkun berdinak idatzi, batean zein bestean idazkunak nola geratzen diren ikusteko. Horrek erakutsiko liguke ezinezkoa dela hezur zaharretan idaztea freskoetan egingo litzatekeen moduan. Haren ustean, argazkiak ikusita, gutxienez grafitoen erdia ezin izan direla azken 100 urte hauetan egin. Hala ere laborategietan analizatu behar direla, patinak ondo aztertuz.

Valentziako Kulturako Errege Akademiako Ikerketa Iberikoen ikerlari den Luis Silgok esan zuenez, biltzar honen ondoren ezin izango du inork grafitoak faltsuak direla esan. Haren ustean, grafitoek erakusten diguten euskararen egonkortasunak aurrerakuntza handia ekarriko du euskara historikoaren ikerketan, eta ez dela gure unibertsitateetan orain arte erakutsi diren kontzeptu batzuk aldatzeko beldurrik izan behar. Ondoren, Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Antonio Arnaizek azaldu zuenez, Iruña-Veleian aurkitutako grafitoen artean badira zenbait zeinu iberiar.

Afera honetako lau urteko historia ere izan genuen hizpide eta argi geratu zen Arabako Foru Aldundiak izendatu zuen Aholku Batzordeak hasieratik oztopoak jarri zizkiola gai hau argitzeari. Izan ere, ez zuen indusketa bisitatu, ez zituen arkeologoak galdekatu, ez zuen informazio gehigarririk eskatu eta ez zituen estratigrafiako koadernoak kontsultatu, euren iritzia txosten partzialetan oinarrituz. Eta, txarrena, ez zituen Batzordeko Eliseo Gil eta Dominic Perringek eskatutako kata kontrolatuak eta 100 grafitoen datazioak egitea onartu, grafitoak egiazkoak ala faltsuak ziren ebasteko ezinbesteko teknikak ditugunak.

Horrez gain, ostrakak faltsuak direla baieztatzen zuten 6 txostenetatik hiru iritzia aldatu zuten kideek egindakoak direla aipatu zen (Gorrochategui, Santos eta Cipres, zeinak hasieran ostrakak egiazkotzat eta garrantzitsutzat zituzten), eta beste hirurak interes jakinak zituzten birenak ziren: bi EHUko Arkeologia Sailarenak (indusketa hau bereganatzeko irrikan zegoena, denborak erakutsi digun moduan) eta hirugarrena Joseba Lakarrarena (ostrakek bere aintzineuskararen teoria baliorik gabe uzten dutelako).

Biltzarrean gogora ekarri zenez, orain arte 19 txosten eta irizpenek grafitoak egiazkoak direla berretsi dute, nahiz eta faltsutasunaren aldeko joera hainbat esparru akademiko eta sozialetan oso zabalduta egon den: Edward Harris, Txillardegi, Juan Martin Elexpuru, Hector Iglesias, Jean-Baptiste Orpustan, Carmen Fernandez, Emilio Ilarregi, Antonio Rodriguez Colmenero, Ulrika Fritz, Koenraad Van den Driessche, Mikel Albizu, Joaquin Baxarias, Luis Silgo, Roslyn M. Frank, Miguel Thomson, Antonio Arnaiz, baita Eliseo Gil eta Idoia Filloyk Adituen Batzordekoei erantzunez egindako txostenak. Horiez gain, Henrike Knörren iritziz ere egiazkoak ziren grafitoak, nahiz eta berantiarragoak izateko aukera ere kontuan hartu behar zen.

Epailearen aginduz Madrilgo Instituto del Patrimonio Culturalen egiten ari diren datazioei garrantzi handia eman zitzaien biltzarrean. Datazio horiek Aldundiak Lurmen epaitegira eraman eta ordezkatu baino lehen egin behar izan ziren. Madrilgo laborategiak lana ondo egingo ote duen zenbait zalantza daudela esan beharra dago, datazio eskaerako grafito batzuk kanpoan utzi dituztelako eta, batez ere, laborategi honek Europan dauden beste arkeometria laborategiek duten esperientzia eta berme maila bera ez duelako.

Hala ere, epaileak zabaldutako bidea oso garrantzitsua dela argi geratu zen Biltzarrean eta gai hau zientifikoki argitzeko emaitzen zain egon behar dugula. Epaileak maiatzerako datazioak amaitzea eskatu dio laborategi honi.

Orain, datazioek dute hitza.