Artículo aparecido en Berria (2015-12-05)
2015-12-05 / Aitor Biain
Ertzaintzaren ikerketaren arabera, faltsuak lirateke ostrakak. Froga fisikorik ez dela aurkeztu salatu dute Gil eta Filloy arkeologoek
Zazpi urte igaro dira Arabako Foru Aldundiak
Iruña-Veleiako ostrakak faltsuak zirela esan eta aurkikuntza hura egin
zuten arkeologoak auzitara eraman zituenetik. Ordutik, epaitegietan da
auzia, eta ostraken egiazkotasuna zalantzan dago oraindik ere. Bada,
Eliseo Gil eta Idoia Filloy arkeologoen iritziz, grafitoak faltsuak
direnik «ez dago zientifikoki frogatua», eta, beraz, biak auzipetuta
dauden kasua zalantzan jartzen du horrek.
Ertzaintzaren txostenari erantzun diote hala bi arkeologoek. Izan ere, asteon argitaratu zituen El Correo
egunkariak Ertzaintzak epailearentzat eginiko ikerketaren emaitzak.
Kaleratutako informazioaren arabera, Iruña-Veleiako ostraketan ageri
diren testuak eta bestelakoak faltsuak lirateke. Are gehiago,
«arkeologian inoiz egin den faltsutzerik handiena» litzateke, iturri
horren arabera.
Bi arkeologoak, baina, ez daude ados horrekin
eta, Ertzaintza «hipotesietan» oinarritu izana salatu dute. Gainera, 700
orrialde baino gehiago dituen txostenak ez du froga fisikorik
aurkezten, eta erabilitako metodologia ere ez da zuzena izan, Gil eta
Filloy arkeologoen hitzetan. «Hipotesietan, balizko aukeretan eta
hainbat argudiotan oinarritutako irudimen ariketa bat aurkeztu dute».
Hori
dela eta, piezak egiazkoak diren ala ez jakiteko, haiek atzerriko
laborategi batean aztertzeko eskatu dute. «Delitu baten aurrean gauden
ala ez jakiteko, piezak egiazkoak diren jakin beharra dago», esan du
Gilek. Hain zuzen, arkeologoek frogak egiteko eskatu arren, auzitegiek
ukatu egin izana ere salatu dute. Hala ere, erromatar garaiko «benetako
piezak edota gainetik moldatutakoak» egotea ez du baztertzen
Ertzaintzak.
Bestalde, ez daude ados piezak «manipulatu» zituztenaren ustearekin. Izan ere, txostenaren arabera, hondakin metalikoak leudeke piezen gainean. «Zantzu horrek esan nahi du bakarrik erabilia izan dela, hau da, hainbat eskutatik pasatu dela, besterik ez», adierazi du Filloyk. «Baina hori ere ez da inolaz ere aztertu. Ez dute froga fisikorik aurkeztu».
Ondorioz, txostena egiterakoan,
aurretiazko ondorioetan oinarritu izana egotzi diote Ertzaintzari bi
arkeologoek.«Veleia sindromea» deitu diote horri. «Prozesua zientziaren
alorretik konpondu behar zen hasieratik, eta ez orain aurkitzen garen
inorako bidaia honen bidetik», salatu dute.
Era berean,
auzipetutako arkeologoek adierazi dute «une gogorrak» igarotzen ari
direla, eta auzia ingurukoengan ere eragina izaten ari dela.
«Salbuespenezkotzat jo genituen pieza batzuk aurkitu eta gizartearekin
partekatu nahi izana da guk egin dugun delitu bakarra». Hala ere,
nazioarteko hainbat adituren babesa dutela ere adierazi dute. «Zorionez,
ez gaude bakarrik», nabarmendu du Gilek.
Kontuak kontu,
Ertzaintzaren ikerketak ere ez du piezen egiazkotasunaren inguruan ezer
argitzen. Arkeologoen ustetan, aurkitutakoaren mamiak eta haren
esanahiak pisu nabarmena du oraindik ere. Hain zuzen, aurkikuntzak duen
garrantziagatik sortu da egungo egoera, Gilen ustez, bestela ez
baitzituen «ekarri dituen zorigaiztoko erreakzioak» sortuko. Hori dela
eta, etorkizunari baikor begiratzen diotela eta auzia bide onetik
amaitzeko «esperantza» dutela esan dute bai Gilek bai Filloyk.
«Itxaropentsu gaude etapa berrian».