08 julio 2014

Basque Country ala Basqueland?

(Jon Gorriñok Berrian argitaratutako iruzkin bitxia):

Gure nazioaren izena gero eta gehiago ikusten dugu gaur egun ingelesez, modu batera edo bestera gero eta sarriagotan munduratu behar garelako. Baina Euskal Herriaren ingelesezko izenari buruz gogoeta egin beharko genuke. Gaur egun, munduan, gutxi gorabehera, 250 estatu daude, eta horietako batek ere ez du country izenaren barruan. Eta guk country hori erabili behar al dugu? Ala badira beste aukera batzuk?

Adibidez, gure estatu proiektua hobeto adierazteko, agian, land hitza erabiltzea egokiagoa litzateke, herrialde askok egiten duten moduan: Finland, Greenland, Iceland, Ireland, Netherlands, Poland, Switzerland…

Izen hauetako batzuen -land atzizkia Germaniako nazionalismo erromantikoaren garaiko eragina izan zen XIX. mendean, hizkuntza germanikoetatik hartutakoa. Beste batzuk zaharragoak ei dira: Holanda, Islandia, Groenlandia… baina seguruenik hasierako jatorria berdina izan daiteke guztientzat.

Gai horretan, luze-zabal azter genezake land horrek euskal jatorria duen ala ez, Euskal Herriko eta euskera hitz egin zen lurraldeetan erabat zabaldutako toponimoa delako. Akaso, egungo euskararen arbasoa Europa mendebaldetik zabaldua zegoen garaiko oihartzuna dugu, Theo Vennemann hizkuntzalari alemaniarrak dioen hizkuntza baskonikoen garaikoa. Edo Felix Zubiagak dioen moduan, beste herri askori geuk doan eman diogun izena, geure herriari ukatzea ez litzateke oso egokia izango.

Arrazoi horiengatik guztiengatik, -land(a) atzizki hori, gure uste apalean, country baino egokiagoa da. Hobe genuke Euskal Herria ingelesez aipatzerakoan Basqueland hitza erabiltzea Basque Country alde batean utzita.
AmaAtaren formatoa atsegiña ez badozu (gaixtooo horrek...) irakur zazu Berrian bertan: http://www.berria.eus/paperekoa/5001854/020/004/2014-06-28/basque_country_ala_basqueland.htm