Iruña-Veleiako aztarnategi arkeologikoan egindako aurkikuntzei buruz izandako epaiketa eta oraintsu emandako epaia dela eta, gertaeren errealitatea larriki desitxuratzen duten albisteak argitaratu dira komunikabideetan. Mugaz gaindi ere iritsi da errealitatearen desitxuratze hau, zabalkunde handiko bi egunkari britaniarrek, geologo batek “afera guztia adar jotze hutsal bat besterik ez izana” onartu eta bere burua errudun aitortu duela argitaratu dute albiste faltsu batean. Kezkaz ikusten dugu nola zenbait hedabidek ez duten betetzen, dagokien legez, gizarteari egiaren gainean oinarritutako informazioa eskaintzearen betebeharra.
Epaiari dagokionean, azpimarratu egin behar dira, auzipetu nagusiaren aurka, hau da, indusketen zuzendari ohi Eliseo Gilen kontra frogarik ez izatea aitortzen duela, zigorra bere osotasunean zantzu soiletan oinarritua izan delarik, eta baita, Gilek zigorraren aurka helegitea aurkeztu duenez, kasu judizialak konpontzeke jarraitzen duela.
Epaitegi inguruko gertaera hauetaz gain, Iruña-Veleia aferak badu gizartearen gehiengoak ezagutzen ez duen alderdi bat, zientziari dagokiona justuki. Izan ere, hedabide batzuetan “faltsutze baldar” gisan aurkeztu denean, egiaz, eztabaida bizi-bizirik dago aurkikuntzen egiazkotasuna argitu ezin izan duten eta kontrako iritziak sostengatzen dituzten alor desberdinetako adituen artean. Eta eztabaida hau izan badela epaian bertan agerian gelditu da, bertan baieztatzen baita badirela “batzuen eta besteen arteko iritzi kontrajarriak, zeinak arkeologia, hizkuntzalaritza, epigrafia, eta abarretako zientzia esparruetatik baloratu beharko duten” eta “piezak aztertu ahal izan dituzten adituen artean eztabaida badela”. Epaitegiak eztabaida zientifikoa izan badela onartzeak, ezereztu egiten du Arabako Foru Aldundiaren (AFA) Kultura Sailak 2008ko azaroan hedaturiko – eta egiari ezikusi eginez zenbait komunikabidek oraindik haizatzen duten – faltsutasunaren aldeko “erabateko adostasun zientifikoaren” mitoa. Errealitatea berriz bestelakoa da, alor desberdinetako (arkeologia, epigrafia, hizkuntzalaritza, historia, egiptologia) hainbat adituk, txosten, artikulu zientifiko, liburu eta biltzarretan egindako aurkezpenen bidez publikoki azaldu baitituzte Iruña-Veleian egindako aurkikuntzen egiazkotasunari buruzko euren iritzi eta argudioak. Eztabaida honen gainean epai judizialak ez du inolako eraginik. Lehenik, epaitegietako afera oraindik argitzeke dagoelako, eta bigarrenik, zientziaren esparruko gaiek aldizkari, biltzar zientifiko eta antzerako