11 enero 2017

Aginteak du giltza ('El poder tiene la llave')

Artículo de opinión de Joan Mari Irigoien, escritor de gran prestigio, ha publicado hoy en Berria un artículo estupendo titulado Aginteak du giltza ('El poder tiene la llave'). Entre otras cosas emplaza a Pako Etxeberria (sin nombrarlo) a que se moje con la investigación de los huesos, y a movilizarse si no hay una solución satisfactoria en breve.

http://www.berria.eus/paperekoa/1832/018/003/2017-01-10/aginteak_du_giltza.htm

2016ko Inoxenteen Egunean, Juan Martin Elexpuruk Veleiari buruz idatzitako artikulu bat irakurri nuen BERRIA-n (Ostrakak eta ostrukak), eta aitortu behar dut, hunkituta ez ezik, jota ere geratu nintzela, ezin ulerturik hainbat eta hainbat kontu...

Ezer baino lehen esan beharra dut ni ez naizela arkeologian aditua, eta ez espero nigandik, beraz, gaiaren inguruko iritzi kualifikatu bat: ez eska gari zumarrari...

Harira.


Auzi honetan, Iruña-Veleiako aztarnategia dugu eztabaidagai. Lehia gehienetan bezala, hemen ere bi giza talde ditugu —mailako jendea dago biotan— aurrez aurre: Iruña-Veleiako aztarnategiaren benekotasunean sinesten dutenak (Eliseo Gil, Juan Martin Elexpuru, e.a.), eta sinesten ez dutenak (EHUko irakasle batzuk nagusiki, unibertsitateak berak eta Lopez de Lacalle kultura diputatuak bultzatuak: Julio Nuñez, Gorrochategui, e.a.).

Hauek —sinesten ez dutenek— autoritate akademikoen eta instituzioen aldekotasuna dute, eta beraiek dira, ondorioz, auzi honetan indartsu eta boteretsuenak; besteek, berriz —sinesten dutenek—, ez dute inongo entitate ez publiko ez pribaturen laguntzarik, eta ahal dutena egiten dute, autoorganizazio moduko batean, hitzaldiak emanez, bisita gidatu alternatiboak eginez...

Indarra eta boterea edukitzeak, hala ere, ez du zerikusirik auzi batean arrazoi izatearekin ala ez. Neronek, adibidez —ez naiz esaten ari Veleiako aztarnategian sinesten ez dutenak nerondarrak direnik, ez naiz hain dorpea—, boterea eta indarra zuen, baina ez zait iruditzen Erroma erre eta kiskaltzea arrazoizko ekintza bat izan zenik. Aldiz: erokeria bat izan zen. Esan nahi dudana da gure auzian indartsu eta boteretsu direnek ezin ondoriozta dezaketela —boterea eta indarra dutelako, hain zuzen— Iruña-Veleiako aztarnak faltsuak direla.

Bitartean, baina, urteotako sufrimendua ikaragarria izan da. Ez dut ezagutzen nolakoa den aztarnategiaren benetakotasunean sinesten ez dutenen gogo aldartea. Alde horretan ere izango ziren eta izango dira minak, eta minek eragindako mendeku nahiak eta sentimendu ilunak, borrokaren momentu honetan aurkarien gainetik sentitzetik letozkiekeenak... auzia luzatzea eta luzatzea ez baita boteretsuentzat gainkarga; denbora horrek berak, ordea, nekatzen, higatzen eta zapaltzen ditu kontrako bidean ari direnak. Bertatik ezagutzen baitut nik aztarnategiaren benetakotasunean sinesten duen jendearen mina. Haiek pasatu duten eta pasatzen ari diren kalbarioak ez baitu izenik. Eta ez baitago eskubiderik. Baina utz diezaiogun Juan Martini bere artikulutik hitz egiten: «Inozoak gu, urte bat edo biko gauza izango zela pentsatzen genuen gerra honetan sartu ginenean. Hamar urte igaro dira [...]». Eta aurrerago: «Eliseo Gil bota zuen tribunaleko kide izan zen Julio Nuñez. Gero aztarnategiko zuzendari izendatu zuten. Epaile eta onuradun aldi berean. Hondeamakina handi batez ia 10.000 m2 harrotu zituen. Haren aurkako kereilak artxibatu egin ditu epaitegiak. Zazpi urte darama aztarnategian eta ez du oraindik ia ezer publikatu. Bi milioi euro gastatu ditu; diru publikoa. Aurten EHUk kendu egin du Iruña-Veleiako zuzendaritzatik eta unibertsitateko irakaskuntzatik, publiko egin ez diren arrazoiengatik. Aurtengo udan aldundiak Qark enpresari adjudikatu dio indusketa, inolako lehiaketarik gabe. (...) Ilunpea eta kaosa erabatekoa da». Eta nik sinesten diot Elexpuru jaunari, ikusi ere ikusteko posibilitatea izan baikenituen euskaldunok irudi batzuk Euskal Telebistan, barregarritzat joko nituzkeenak, negargarriak izan ezean... entzule-ikusleok izan ez ginen, bada, hondeamakinak aztarnategian gauzatutako hondamendiaren lekuko izan! Lurra harrotu: 10.000 m2, gainera! Hantxe hondeamakina aztarnategian, elefante bat txatartegi batean lez! Gogoratzen naiz niri, albistea entzun eta irudiak ikusi orduko, jira-biraka hasi zitzaizkidala begiak, marrazki bizietan lez, ene begiek bekoz beko zuten hura ezin sinetsirik. Erokeria bai hura, eta ez nolanahikoa...!

Nola ez zitzaidan, geroztik, autoritate akademikoen jokabidea susmagarri egingo? Bai, egia da badudala berezko edo neurezko joera bat, boterearekiko mesfidati izatera naramana. Eta, hala ere, ez dut esango, ez, hondeamakinaren irudiak ikusi orduko itsu sinesten hasi nintzela aztarnategiaren benekotasunean, konbertitu bat bezala... auzian galtzaile ziruditenen alde lerratzen nintzela. Ez. Lehenago esan dut, izan ere, ez naizela arkeologian aditua. Funtsezko auziari buruz, beraz, ez dakit zer giza taldek duen arrazoi, alde batekoak edo bestekoak. Auziak badu, ordea, irtenbidea. Baina utz diezaiogun Juan Martin Elexpururi hitz egiten: «Eta pentsa atzerriko laborategi espezializatu batek astebetean erabaki lezakeela auzia, eta agian etxeko batek ere bai, grafito asko hezurrean eginak baitaude, eta gauza ezaguna da gurean daudela hezur-irakurlerik onenak». Pentsatzen dut esaldi horretan dagoela soluzioa.

Azter ditzatela zeramikazko piezak arkeometrian espezializatutako atzerriko laboratorio batean! Esan didatenez, badira garantia osokoak, diru apur baten truke gustura egingo luketenak lan hori. Hezurrezkoak, berriz, azter ditzatela hemen, gure adituek aski bailituzkete C14 proben emaitzak eta begiz eta mikroskopioz egindako azterketak, duda-izpirik gabeko epaia emateko.

Are gehiago: proba horiek egitea hain erraza bada, zer ibili gara urteotan jendearen mina luzatzen...? Zergatik dira beldur autoritate akademikoak, hain ziur badaude, beste alde batetik, Iruña-Veleiako ostraken faltsutasunaz? Zergatik borroka honen luzatze mingarri hau eta zergatik oskurantismo hau, auzia di-da batean erabaki daitekeenean?

Esaldi horretan, halaber, Elexpuru jaunak aipatzen du proba horiek Euskal Herrian ere egin litezkeela osoki, «grafito asko hezurrean eginak baitaude, eta gauza ezaguna da gurean daudela hezur-irakurlerik onenak». Eta hori irakurrita, munduan fama duen izen bat etorri zait burura... zuri ere izen hori bera etorriko zitzaizun, irakurle. Bada, hain zaila al da autoritate akademikoek arkeologo zintzo bezain prestigiotsu horri proba guztiak egiteko baimena ematea —C14renak eta gainerakoak—, auzian duda-mudarik izan ez dadin?

Nik beti pentsatu izan dut harrokeria aholkulari eskasa dela: pasadizo batekin ilustratuko dut esan berri dudana. Guztiok dakigu nor zen Carlos Barral, editore handia ez ezik, idazle aparta ere izan zena. Bada, egun batean, Garcia Marquezek Cien años de soledad bidali zion, ea nobela hura argitaratzeko modukoa ote zen. Eta Carlos Barralek honela erantzun zion: «Nobelak ez du balio, eta ez da arrakastatsua izango». Hondo-hondoraino sartu zuen hanka editore jakintsuak!, bistan da. Ildo beretik, baina... benetakoak edo faltsuak ote dira Iruña-Veleiako ostrakak? Altxor bat ote dugu aztarnategi horretan edo txakurraren putza? EHUko autoritate akademikoek, Arabako Diputazioak eta Gasteizko Epaitegiak dute agintea, dute hitza, dute euskaldunok egia jakiteko posibilitatearen giltza!

Behar diren probak egitearen alde gaudenok mobilizatzen hasi beharko dugu, ezta...?