«Zientzialari baten ezaugarri garrantzitsuena jarraikitasuna da, arazo bati irtenbidea aurkitzeko borondatea».

Izenburu hau duen elkarrizketa iritsi zitzaidan duela gutxi Euskonews-en partetik nire emailera, betiko legez. Ale hura Euskal Herriko zientziari buruzkoa zen eta argitaratutako artikuluen artean zientzialari euskaldun bati (Euskal Herriak emandako zientzialaririk ospetsuenetakoa, artikuluak dioen bezala) egindako elkarrizketa zekarren, izenburu hori zuena, elkarrizketatuaren hitzak, hain zuzen ere. Harrotasun usaina sumatzen dut Euskal Herriak bere zientzialariekiko erakusten duen maitasunean. 
   

Nahi gabe, Iruña-Veleiarekin pentsatu nuen berehala artikulu horren izenburuaren hitzok irakurtzean. Harrotasuna gauza ona delako, baina harrokeria ez. Euskal Herriak ez du jokabide ez dotorerik ez miresgarririk izan zientziari dagokionez azken urteotan, nire uste apalean. Barregarri eta penagarri gelditu da, ordea. Politiko batek ikerketa zientifikoa itxita zegoela esan zuen aurkitutako grafitoen aferaren hasieran. Zientzialari baten ezaugarri garrantzitsuena jarraikitasuna da. Jarraikitasuna. Etena eman zion politiko hark beharrezkoa zen eta hasten ari zen ikerketa zientifikoari. Nola liteke? Baliteke pertsonaia hura politikoa eta ez zientzialaria izateagatik gertatu izana. Politikoak politikoak dira. No se le puede pedir peras al olmo.

Komisio Zientifiko hartan, baina, madaririk eskatu ezin zaion politikoa buru zegoen komisio hartan, Iruña-Veleiako grafitoak aztertzeko sortu zen Komisio Zientifiko hartan, alegia, beste kideak ez ziren politikoak, zientzialariak baizik. Nola liteke, beraz, beraiek ere bukatutzat ematea une horretan hasi beharreko ikerketa zientifikoa? Nola liteke beraiek ere jarraikitasunari ez eustea? Nola liteke gaur egun ere, zortzi urte igarota grafitoen berri izan genuenetik, burutu ez den ikerketa beraiek geldialdi hotz honetan –gerra hotz honetan- edukitzea, jarraikitasunik gabe ibiltzea zalantza dagoenean –zalantza badagoelako-? Auzia epaitegietan dago oraindik, erabakirik ez da hartu, faltsifikazioa izan den ala ez ez dago batere argi, grafitoak benetakoak direla pentsatzen duenik badago; faltsuak direla esaten dutenei erantzun zaie (edo esan zutenei, isil-isilik baitihardute erantzun zitzaienetik); haiei eta faltsutasun hura frogatuko luketen haiek emandako argudioei ere erantzun zaie, zalantza berton dagoela erakusten duena…; zalantza bat egonez gero, txikiena badaere, nola liteke gaiaren jarraikitasunik ez existitzea zientzialaritzat jotzen direnen artean? Ez al da zalantza zientziaren hazia?

Baten batek esango du urtarrilean irakurri zuela egunkarietan Madrilgo laborategi batean analitikak egin zitzaizkiela behingoz grafito madarikatuei eta modernoak zirela ondorioztatuta zegoela. Beraz bai, oraingoan bukatutzat eman daitekeelakoan afera. Prentsaren bonba mediatiko horri ere erantzun zaio, baina: argudioak ongi azalduta, ikerketa sakon eta latz bat hilabetetan zehar egin ondoren, SOS Iruña-Veleia plataformaren aldetik. Azaroaren 17an Gasteizen SOS-ek emandako hitzaldian analitika faltsu horien berri izan genuen, ikerketa zientifikoak sei urte itxita daramatzalarik (bukatuta ez, alajaina, SOS-i eta beste hainbati esker), eta bertan entzundakoa egia bada…, bertan entzundakoa egia bada… bertan entzundakoa egia bada!

Zientzialari baten ezaugarri garrantzitsuena jarraikitasuna da. Jarraikitasuna, Koen van den Driessche-rena. Egiaren atzean sei urtetan ia lorik egin ez duen zientzialaria, zientzia eta egiaren izenean lan itzela eta jarraia egiten duen Belgikako geologoarena bai jarraikitasuna. 

Koen Van den Driesschek Madrilgo laborategiko analisiei buruz emandako hitzaldian jakin izan genuena egia bada…pentsatu beharra izango dugu ez Euskal Herrian ez Madrilen, Iruña-Veleiako aferari irtenbiderik ez dela aurkitu nahi, hain zuzen ere. Zientzialari baten ezaugarri garrantzitsuena jarraikitasuna da, arazo bati irtenbidea aurkitzeko borondatea. 

Zientzia egiteko borondaterik egon ez bitartean, harrokeria jo beharko da Euskal Herriak bere zientzialariekiko duen ikuspuntu itsua eta harrotua.