Un artículo que ha salido en Berria sobre el informe de Navarro.

Iruña-Veleia: jan, edan, lo, duintasunez

Xabier Otsoa de Alda Gurrutxaga

Historian lizentziatua
Otsailaren 6an sail honetan bertan argitaratu zen artikulu bat Iruña-Veleiako grafitoak aztertzeaz arduratu zen Institutuaren txostena dela-eta. Han adierazitako iritziei buruzko zehaztapen batzuk egin nahi ditut, baita laborategiaren ondorioek ulertzera eman dezaketenaz ere. Eman dezaketenaz diot, zeren eta, berriz ere, zerbaitek ematen du gauza bat, eta, denbora gutxira, beste zerbait guztiz desberdina izan daitekeen ustea gailentzen da; urte hauetan guztietan ohikoa izan den biraketa, alegia.

Txostenean inskripzioetan metal modernoak daudela adierazten da, horiek herdoildu gabe daudela eta inskripzioek zarakarrak mozten dituztela, eta, antza denez, horiek dira beharrezko arrazoiak grafitoak egin berritzat jotzeko.

Hala ere, gogora dezagun analitika gainetiko azterketa batera mugatu dela, non ez herdoildutako metalak agertzea lotu dakieke piezek agertu zirenetik hona jasandako manipulazioek utzitako hondakinei, piezak ordutik esku askotatik pasatu baitira. Era berean, gogora dezagun, Madariaga irakasle eta EHU-UPVren batzordekideak aztertutako piezetan (laborategi honetan aztertu direnak horietako batzuk direlarik) ez ziren metal horiek agertzen; beraz, norbaitek jarri behar izan ditu hor behin Lurmenek materiala entregatu eta gero. Zarakarren ebaketei dagokienez, askatutako material gisa azalduko lirateke, piezen garbiketa prozesuan gertatutakoa. Izan ere, ez dago mozketa jarraiturik, baizik eta aldizkako material askatua. Bitxia da, baina grafitoen barruan oraindik ez moztutako jalkiera geratzen den tokietan esaten da osteko betegarria dela, baina, susmagarria bada ere, ez da bere konposaketa aztertzen hori frogatzeko.

Otsaileko artikuluan gogorarazten zen izaera filologiko edo gramatikaleko bestelako arrazoi batzuk ere faltsutasunaren argudio izan direla. Kasu horietan ere hala zela ematen zuen, eta denborarekin
frogatu da ustezko adituek emandako hamarnaka adibidetan, erromatar garaikoak izatea ezinezkotzat joten zutenak, azkenean ez dela horrela, Inperioan zeharreko antzeko adibideak topatu direlarik. Zentzugabeenak diruditen kasuek ere beren azalpena dute. Honenbestez, ezinezkotzat jotzen zena sinesgaitza izatetik harago ez doa.

Eta bakarrik ez emateko, baizik eta izateko ere, analitika hauek beste batzuekin kontrastatu beharko lirateke, Hector Iglesias doktoreak adierazi bezala, baina oraingo honetan jalkitze hauen konposaketa aztertuko lukeen laborategi europar batek eginak.

Amaitzeko jada, gai honen trataeran sakontasuna eta seriotasuna defendatzen denbora daramagunontzat, gai honetara hurbildu aurretik zeharo gaindituta genuen gure hizkuntza edota gure iraganari distira ateratzeko Historia bortxatzearen kontua; kontrakoa iraina litzateke guretzat.

Gauza bakarra nahi dugu: gaiari zintzotasunez, justiziaz eta profesionaltasunez heltzea, emaitza dena dela ere, une horretatik aurrera duintasunez jan, edan eta lo egin ahal dezagun, eta ez, interesak tartean gaia behar bezalako oinarririk gabe itxi den sentsazioarekin.