17 diciembre 2013

Risus eta Risa

Nire aurtengo batxilerreko latineko ikasle zoragarri bakarrak testu bat bidali zidan emailez atzo gauean. Bere pentsatzeko autonomia bultzatzeko, eta bidenabar bere idazteko trebetasuna lantzen laguntzeko helburuaz, pasa den ostiralean proposatu nion klasean agertutako kontutxu bati buruzko hausnarketa idatzia egiteko positivum maximum bat nahi bazuen (beste bat! egunero irabazi egiten ditu eta!). Hain pozik eta harro nago bere zientziarako interesaz non egin duena konpartitu nahi dudan hemen zuekin guztiekin.

Bestalde, bere jarrera norbaitentzako eskarmentu ikaragarria dela pentsatzen dut, 17 urte besterik ez dituelako. Baina arima aberatsa du dagoeneko bere ahalegin eta merituei esker. Horrelako gizakiak behar ditu gure mundu gaixoak.

Hona hemen kopiatuta berak bidalitakoa hitzez hitz. Disfrutatuko duzuelakoan, besterik gabe, agur bero bat irakurle guztientzat.

Risus
Batxilergoko bigarren mailako ikasle bat naiz.  Latineko klasean nengoela, esaldi batean” risus” hitza agertu zitzaidan eta irakasleak 4. deklinabideko hitza zela esan zidan. 
Pentsatzen hasi  nintzen eta arraroa iruditu  zitzaidan, “risus” hitza   gaztelaniak   “la risa”  hitzera eraldatu izana. Klasean  ikasitakoaren arabera, bigarren eta laugarren deklinabideen amaierak berdinak  direnez, laugarren deklinabidea desagertzean, bigarrenera pasatu ziren laugarrenean zeuden hitz urriak. Baina  hori gertatu bazen,  zergatik da irribarrea gaztelaniaz femeninoa, jatorrian maskulinoa bazen? Zergatik da  “la risa” eta ez  adibidez,” el riso”??  Zer gertatu da? Nire irakaslearen laguntzarekin,  sormena eta irudimena erabiliz, hitz honen ibilbidearen edo  eboluzioaren hipotesi bat egin dugu. 

Jatorrian  laugarren deklinabideko hitz maskulinoa zen ”risus”. Baina, deklinabide hau desagertzean, bigarrenera pasatu zen. Ondoren, bigarren deklinabidean neutro pluraltzat jo zuten, hizkuntza ondo menderatzen ez zuten pertsonek. Akats hau egitea, nire aburuz,  oso normala da irribarrea gauza bat baita eta ez bizidun bat. Gauza  ez-bizidunei neutro izaera emateko joera indoeuroparrean antzeman dezakegun ezaugarrietako bat dugu. Eta azkenik, neutroaren “a” amaiera  femeninoarekin nahastu zuten. Esan behar dut, hau oso akats ohikoa dela  ikasleon artean ere.
Badakit, agian  hau ez dela izan hitz honen ibilbidea, baina zientzialarien lana hipotesian hasten da. Hipotesi hauek  planteatzeko, gure imajinazioa  erabiliz bide ezezagunetan murgildu behar gara, munduan oraindik gauza interesgarri asko baitaude aztertu gabe. Agian akatsak egingo ditugu, baina garrantzitsuena besteen zuzenketak entzun , eta  ikastea da. Gure erroreetatik gauza berriak ikasten baitira.
                    Egilea: Mikele Astigarraga